XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Askapenak Irakerako bidean jarri du bildutako elikagai eta dirua

Askapeneko kideek kanpainaren balantzea eskaini zuten.

P.A /DONOSTIA

Herri irakiarrari eta kurduari elkartasuna azaltzeko Askapena erakundeak Euskal Herrian egin duen kanpainan zazpi tona elikagai eta milioi pezetatik gora (50.000 liberatik gora) jaso ditu.

Elikagai horiek Irakerako bidean direla jakin erazi zuten atzo Askapenako ordezkariek, eta dirulaguntza palestindarrei ere zuzenduko zaiela.

Kanpaina honen balorazioa egiteaz gain, Irakeko gerran komunikabideek izan duten papera salatu zuten atzo Donostian Askapenako kideek.

Estatu Batuak potentzia ekonomiko eta militar bezala baieztatzeko erabili dela Golkoko gerra salatu du baita ere erakunde honek, eta hegemonia hori Nazio Batuen laguntzaren bidez lortu dutela.

Gerra honetan izan den benetako sarraskia isildu egin dutela komunikabideek azaldu zuen Peio Goietxe, Askapenako kideak, ez da egia esan, izan diren milaka hildakoez, eta Europan jarri nahi izan duten nazioarteko orden berriaren alde jo dute.

Bere ustez, gauza asko ezkutatu da, horien artean gerra ekarri zuten arrazoiak.

Potentzia ekonomiko eta militar nagusian bihurtzeko erabili dutela Estatu Batuek Golkoko gatazka adierazi zuen Joseba Olasok eta Frantzia, Bretainia Handia eta Espainiaren paper inperialista salatu zuen.

Askapenaren ustez herrialde hauek gerran izan duten partehartzeak hirugarren munduko herrialde deritzonetan ondorioak izan ditzake.

Herri kurduarengan berriz, humanitarismo faltsua erakusten ari direla orain mendebaldeko herrialdeek salatu zuen Askapenak, eta independentziarako duen eskubidea ukatzen zaiola.

Jarrera honen bidez gerraren ondorioak garbitu nahi ditu mendebaldeak, esan zuten erakunde honetako kideek, eta atentzioa desbideratu nahi izan dela.